martes, 26 de febrero de 2019

Azkoitian egingo den igerileku berriari buruz Marea Urdinaren ekarpena


Azkoitiko udaletxeak Azkoitiko igerilekuak herritarren beharrei erantzuten dien baliabide bihurtu dadin eraldatze prozesu nagusi bat aurrera eramateko asmoa erakutsi duen honetan guk, MAREA URDINAK, gure aldetik gure ekarpena egin nahi dugu aniztasun funtzionala duten herritarren beharrak gizarteratzeko asmoa duen elkarte bat garelako.

Ezinbestekoa irisgarritasuna bermatzea. 2019an irisgarritasun unibertsala ez duen gune bat bera ere egotea onartezina izango litzateke. Horretarako eskatzen dugu “irisgarritasun katea” ondo aztertzea proiektuan martxan jarri aurretik eta honek esan nahi du edozein pertsonak izan beharko lukela aukera sortzen diren edozein espaziora hurbildu, sartu eta ateratzeko bere kabuz, erraz eta etenik gabe, nahiz eta bere muga motoreak, kognitiboak edo manipulatzeko izan.


Irrisgarritasun ezaren adibidea

Horretan asko lagundu dezake diseinu unibertsalaren oinarriak kontuan izatea: diseinatzen den edozein produktu, espazio, etab. inor bere erabilera eta gozamenetik kanpo ez uzten saiatzen den diseinua izan behar du, haren egoera funtzionala edozein izanik ere.

Irrisgarritasunaren adibidea

Ildo honetatik, momentu honetan badira toki askotan eraikin publikoak aszensorerik edo eskalerarik ez dituztenak, arrapalak soilik dituzte guztientzako, eta handik sartzen eta ateratzen dira erabiltzaile guztiak, edozein dela beraien egoera funtzionala. Gure ustez horrelako konponbideak topatzen jardun beharko genuke eta ez aniztasun funtzionala duterenentzako soluzio espezifikoak topatzen. Azken finean arazoak dituzten pertsonentzako baliabideak guztiok erabili ditzakegu, arazorik ez ditugunak erabili ahal ditugunak aldiz ez, eta gogoratu: guztion egoera funtzionala aldatu egiten dela bizitzan zehar eta ez dakigu noiz beharko ditugun geuk ere.


Irrisgarritasun Unibertsalaren adibidea

Erabiltzaile orontzako balio duen diseinua ezin bada gauzatu erabiltzaileen aniztasun funtzionalari erantzuteko egokitzapenak egin behar dira: ezkerrak direnentzako kutxatilak eta ilea-lehortzekoak, gutxi ikusten dutenentzako kartel, erloju, etab. handiak, entzumen arazoak dituztenentzako laguntzak, irakurtzen ez dakitenentzako sinbolo edo piktogramak, …

Piktogramen erabilera adibide bat

Baina hori ez zaigu nahikoa iruditzen.

Ezinbestekoa iruditzen zaigu gaur egun mugitzeko arazoak dituzten erabiltzaileek jasaten duten bakardadea eta isolamendua saieztea. Horiek baitira mugitzeko arazoak dituen edozein erabiltzailek Azkoitiko igerilekuan beti ondoan dituen bi nahi ta ezko bidelagun irisgarritasuna bermatu den moduagatik. Igerileku handia irisgarria egiten duen ibilbide korapilatsu bat egin behar du beti eta ia inor ez du topatuko ibilbide horretan.
Instalazio publikoetan erabiltzaileak beraien burua hain isolatuta topatzea ez da batere egokia.

Eta horrek gogoeta sakon bat egitera baltsatu behar gaitu guztiok: nahi ta ezko isolamenduan ibili behar izateak non uzten du igerilekura joateko gozamena? Mugitzeko arazoak dituztenentzako igerilekua erabiltzea jarduera bakarti bihurtzen duten egoerak saihestea ez al luke lehentasun izan behar proiektua gauzatzerakoan?

Gurpildun aulkian daudenak, makuluak edo beste gailuak behar dituztenak oinez ibiltzeko dagoeneko bizi dute besteengandik urruntzen dituzten egoerak, instalazio publiko baten egoera hori areagotzen duten elementuak izatea guztiz onartezina da.

Mugitzeko arazoak dituzten pertsonak askotan laguntzaile bat eraman behar dute igerilekuak erabili ahal izateko, eta laguntzaile hauek ere bizi dute bakardade eta isolamendu hau.

Igerilekuak instalazio garrantzitsuak eta aberatsak dira edozein herrirentzako. Herritarren osasun fisiko eta psikologikoari egiten diete mesede eta pertsonen gizarteratzean ere laguntzen dute. Ondorioz erabiltzaile posible guztiak eroso sentitzea proiektuaren sustraian egon beharko luke.

Marea Urdinetik, Azkoitiko aniztasun funtzionala duten pertsonez osaturiko elkartetik, ekarpen hau egin nahiko genuke etorkizunean egingo den igerileku berriaren diseinuan kontutan hartu dezazuen.

Marea Urdina
Gure web orrian informazio gehiago:
 Edo gure sare sozialetan:

lunes, 18 de febrero de 2019

Nork isuntzen du isunak jartzen dituena?


Jakina da ezinduentzat erreserbatuta egoten diren aparkalekuetan ezin dugula gure ibilgailua utzi eta jakina da baita arrazoia ere.
Lehenengo etortzen zaigun arrazoia agian “galerazita” dagoelako da, edo beste era batera esanda, sekulako isuna ipintzen dutelako.
Guk bigarrengo arrazoian nahiko genuke zentratu, benetakoan. Plaza horiek benetako beharra duten pertsonentzat gordeta egoten dira, ezgaitasuna duten pertsona batentzat leku batera joan edo ez joatearen diferentzia definitu dezake horrelako plaza bat egoteak.

Horregaitik eta zorionez gai hau gobernutik behar den seriotasunarekin hartu ohi da eta bertan ez dagokionak aparkatzea Segurtasun Sailak arau-hauste larri bezala kontsideratzen du (76. Artikulua “d” atala), dagokion diru-isuna 200€ delarik.

Marea Urdina Elkartean hainbat kide gara ezinduentzako txartela dugunak eta hainbat udalerritan geu izaten gara Udaltzaingoak ze zorroztasunekin (batzuetan gehiegi) araudia betearazten duten lekuko. Hona hemen gertuko bi adibide:

  • Lehenengoa orain dela gutxikoa da, joan den asteburuan Gasteizko udaltzaingoak 200€ isuna jarri zion gure kideetako bati, ezinduen txartelean egoten den iraungitze data ez zelako ondo irakurtzen (txartela noski iraungitu gabe zegoen)
  • Beste kideetako baten kasua ere kontatzeko modukoa da, umea gaixo zuela Azpeitiko larrialdietara eraman zuenekoa. Ezinduentzako plazan aparkatu zuen baina txartela ahaztu zitzaion, nahiz eta umea txartelaren jabe izan udaltzaingoak 200€ isuna jarri zien.


Ezinduentzako aparkatzeko txartela


Seriotasun honek, plaza horiekiko gizartearen kontzientziazioa eta errespetua ekarri du, zaila da gaur egun ezinduen txartelik gabeko autorik aparkaleku urdinetan ikustea eta oraindik eta zailagoa txartelaren iruzurrezko erabileraren bat izatea, benetan behar duenak erabiltzen baitu.

Baina, arau-haustea arauak bete arazten dituenak egiten duenean? Zer gertatzen da?
Nork isuntzen du isunak jartzen dituena?

Ez dezagun orain arte lortu dugun guztia horrelako adibide desegokiengatik galdu.

Ezinduentzako aparkalekua zabor edukiontziengatik okupatua Azkoitiko auzo batetan