miércoles, 22 de mayo de 2019

Marea Urdinak partaide berrientzat difusio kanpaina martxan jarri du


Helburua aniztasun funtzionala duten pertsonak eta beren familiartekoak elkartearen berri izatea da.

Triptikoa


Marea Urdina ekimenak bizirik jarraitzen du eta helburu zabalagoak ditu orain.
Orain arte Marea Urdina ekimen arrakastatsu baten izena zen: autismoa duten pertsonen errealitatearen inguruan gure komunitatean sentsibilizazioa pizteko helburuarekin 2018ko uztailean Gipuzkoako kostaldea igerian zeharkatu zuena.

Hemendik aurrera Urola bailaran aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioa bizitzako esparru guztietan bultzatu nahi duen elkarte bat bihurtu da Marea Urdina ELKARTEA.

Horretarako udaletxeko zerbitzu sozialetan, anbulategiko pediatrei, ikastetxeetako orientatzaileei,… elkartearen berri ematen duten TRIPTIKOAK eman dizkiegu. Aniztasun funtzionala duten pertsona edo beren senitartekoekin duten harremanean gure berri emateko.

Aniztasun funtzionala duten pertsonak gure bailaran


Hauek dira orain arte hartu ditugun ekintza-ildoak:
  • Udaletxeekin eta beste talde-eragileekin elkarlanean hastea udal-instalazioen irisgarritasun fisikoa hobetzeko.
  • Udaletxeekin elkarlanean hastea zerbitzu publiko zein pribatuen irisgarritasun kognitiboa hobetzeko.
  • Beste elkarte batzuekin batera kirol, kultura eta aisialdiko ekintzetan aniztasun funtzionala duten pertsonen parte hartzea bultzatzea.
  • Aniztasun funtzional mota guztiak ikusgai egitea.
  • Pertsona kutun batek funtzionaltasun desberdina duela jakitea, onartzea eta egoera nola kudeatu daitekeen partekatzea.

Ziur gaude gure elkartera kide berriak hurbiltzeak oraindik antzeman ez ditugun talde honek dituen behar berriak ikusarazi eta denontzako onuragarriak izango diren ekintza-ildoak irekiko dizkigula.

Edonork izan dezakegu funtzionaltasun anitza istripu baten edo gaixotasun baten ondorioz, eta egoera berri horretatik eratortzen diren behar berriei erantzutea ez da erraza. Horretan lagundu nahi dugu eta horregatik Urola bailarako aniztasun funtzionala duten pertsona guztiak eta haien familiak Marea Urdina ELKARTEA ezagutzea nahi dugu.

Gure helburu bakarra gure ingurua guztiontzako atseginagoa eta inklusiboagoa izatea da; hau lortzeko balio dezaken edozein motatako ekarpenak jasotzeko irrikatan gaude (ametsak, ideiak, proiektuak, …); horregatik gure ateak helburu hau bere egin nahi duen edonorentzat irekita daude, eta gure komunitatea atseginagoa eta xamurragoa egin dezaken edonork ekarri dezakeen ekimenak gure egiteko prest gaude ere.

Agur bero bat.


Marea Urdina Elkartea
Gure web orrian informazio gehiago:
 Edo gure sare sozialetan:

No hay comentarios:

Publicar un comentario