![]() |
Urdinak batzen gaituelako |
Egun hauetan alderdi politiko baten
aldizkariaren 1.go alea iritsi da azkoitiarren buzoietara, eta orri
batean Baztartxo antzokian egin genuen Marea Urdina Filmaren
aurkezpena goraipatzen du, eta ondoko orrian alderdi horren aldeko
bozka eskatzen du. Iritzi artikulu bat da eta nola ez, egileak idatzi
zuenean eskerrak eman genizkion, baina hauteskundeetarako 3 egun
falta direla eta etxe guztietan alderdi ezberdinen bozkatzeko paperak
iristen ari zaizkigunean, Marea Urdinatik gure kezka azaldu nahi
dugu: hain hurbil aurkitzen baitira bi mezuak norbaitek pentsa
dezakeela Marea Urdina eta alderdi politiko hori ere hurbilekoak
direla. Eta hori ez da horrela.
Marea Urdina sortu genuenetik ikaragarrizko
esfortzua egin dugu gure ekimena “garbia” izan zedin; herritik
sortutakoa herritar guztiei zabalduz besterik gabe. Gure ikurrin
politiko bakarra desgaitasuna duten herritarren eta haien familien
irribarrea da; eta bultzatzen dugun sistema politiko bakarra
desgaitasuna duten herritarrei herritar guztiok ditugun eskubide eta
aukera berdinak izatea bermatzen diena da. Urdina da gure kolorea hau
delako gure marea martxan jarri zuen desgaitasunaren kolorea:
autismoa, eta baitaere kolore honek islatzen duelako ondoen uraren
gardentasuna; gu ere gardenak baikara. Eta ohar honen bidez
aldarrikatu nahi dugu ez dugula bat egiten inongo ideologia
politikorekin. Guk desgaitasunekin egunero bizi diren herritar
guztiekin egiten dugu bat soilik, eta hauen gizarteratzea da gure
borroka bakarra.
Marea Urdina
No hay comentarios:
Publicar un comentario