Eskerrik asko!
Eskerrik asko, soila bezain hotza. Jakin badakigu ez duzula behar; ez zabiltzala inoren esker onaren bila, horrelako ekimen batean bustitzen zarenean. Baina tira, guretzat zeinen garrantzitsua zaren adierazi nahi dizugu hurrengo lerrootan.
Irailaren hondarrean abiatu genuen Marea Urdina, asmo zehatz eta jakin batekin: autismoa bizi duten pertsonen eguneroko egoera ikusaraztea, sentiaraztea eta, bide batez, gizartean eragitea inklusio positibo bat helburu izanik.
Lau lagunek eragin genuen lehen olatua, ondoren etorri da zure bultzada. Crowdfunding kanpaina abian jarri genuen, gogoz baina etorriko zenak eragiten zigun ziurgabetasunez eta kezkaz. Mundura zabaldu genuen, ezagutzen ez gintuen mundura. Mezu indartsua genuen, baina helarazten asmatu behar zen, konfiantza eman eta konfiantza jaso ahal izateko.
Jakin dezazun, zu izan zara bilatzen genuen erantzun hori; olatuak jarrai dezan lauron bultzadari jarraipena eman diozun hori. Ezagutu gabe, mezu soilean sinestu duzu eta, gizarte naturalago bat eraikitzeko itxaropenaren adibide bizia zara guretzat.
“...-mundua horixe da- argitu zuen, -su txikiz osatutako itxasoa-” kontatzen zuen Galeanok bere ipuinean. Zure suaren epela sentiarazi diguzulako, zu bezalako su txikiz osatutako munduan sinesten dugu. Denok batera gizarte inklusiboago bat eraiki dezakegun itxaropenez, besarkada eta muxu bero bana zuretzat, adiskide, Marea Urdinaren eskutik.
Eskerrik asko, bere soilean dena biltzen duen esaldia delako.
Marea Urdina Taldea
Mas información sobre el proyecto en nuestra página web /Gure web orrian informazio gehiago:
O en nuestra redes sociales / Edo gure sare sozialetan:
No hay comentarios:
Publicar un comentario