Jaso genuen kartazala |
Kartazal bat Marea Urdinarentzat, bertan eskuz
idatzitako gutun bat eta diru ekarpen bat. “Laguntzatxoa” handia benetan bere
horretan, urtean zehar egindako eskulanen salmentan bildutakoa; gutuna berriz
ikaragarria, hitzik gabe uzten duen horietakoa. “Izango duzue gure berri”
amaiera gisa, etorriko denaren irrikaz utzi gintuena.
Eskutitzaren amaiera |
Herri ekimena martxan jarri genuenean gure baitan
bazen asmo bat, autismoa duten pertsonen eta haien familien egunerokoa
gizarteari erakustea. Helburua lortzeko egiteko modu bat proposatu genion geure
buruari; bertsolariei egiten zaien moduan, guk gaia jarriko genion gure inguru
hurbilari eta hark erantzun egin beharko zuen nahi zuen neurri eta doinuan.
Bakoitza beretik erantzun dezala izan da gure
egiteko modua, ez eskatu ezer. “Zer egin dezaket laguntzeko?” galderari “zer
dakizu egiten?” erantzun diogu behin eta berriz. Guk gureari ekin diogu eta
hurbildu den bakoitza beretik erantzuten saiatu da. Abarketatxo eta Artxamendi
eredu izan ditugu horretan.
Marea Urdina zuek zarete erdiz erdi ulertu
duzuelako ekimenaren arima. Herrian sortu den ekimen bat eskutan hartu duzue,
gaia aztertu eta landu duzue, zuen ludoteka eta topagunera hurbiltzen direnekin
ekimen eta dinamika ezberdinen bidez autismoa zer den ulertarazten saiatu
zarete. Hori gutxi ez eta gaur bertan hitzaldi bat antolatu duzue herritar
ororentzat elkargunean (15:15-16:45). Azken hau, gutunaren “izango duzue gure
berri” amaierakoari erantzuten dio. Hitza eman eta hitza sorpresaz bete. Zer
esan.
Banderarekin argazkia ateratzetik, Marea
Urdinaren abanderatu izatera salto egin duzue. Inklusiorako lehenengo pausua
elkar ezagutzea da, elkar ezagutu gabe nekez ulertuko baitugu elkar. Luken eta
Igorri eskerrak eman dizkiezue gutunean, hauen bidez hartu duzuelako aurten
autismora hurbiltzeko erabakia. Lukenen eta Igorren irriparrak balio dezala
zuen esker oneko hitzen trukean.
Poetak zioen bezala, pertsona batzuen suak
hurbildu ezkero piztu arazi egiten omen gaituzte. Zuen suak piztu eta aurrera
jarraitzeko beharrezkoa dugun indar eta ilusioa ematen digu. Eskerrik asko
Abarketatxoko ume eta “Artxa”ko gazteei, baina bereziki eta bihotzez han lan
egiten duzuen herri hezitzaile eta lagun guztientzat.
Mundialak zarete! “AIO PELAIO!"
Marea Urdina Taldea
No hay comentarios:
Publicar un comentario