«...eta bi begiradek sortzen dutena», horrela definitu zuen sua azken puntuan Maialen Lujanbiok 'hitza emanda' ariketari erantzunez sortu zuen bertso eder hartan.
Marea Urdinak badu asko hortik. Begirada sano, bizi eta alaiak inguratu gaituzte azken hilabeteotako bidean. Ez gara nekatzen Galeanoren su txikien ipuinak kontu honetan guztian izan duen eragina azpimarratzen. Su txikiak pizten joan zaizkigu inguruan ia egunero Marea Urdina martxan jarri zenetik. Zer egin dezakegun galderari, zer dakizue egiten erantzun izan diegu hurbildu diren guztiei. Hauxe erantzuna, sekulakoa.
Bakoitzak beretik irudikatu du kanpainarekiko bere konpromisoa, hasieratik bultzatu gaituen helburu eta filosofia norberarengan ere badela sentitu duten guztiak eman du bere alea. Banderarekin herri eragile eta norbanako ugarik atera dugu argazkia, eta laister argazkitik ekintzetara pasatzeko garaia etorriko zaigu. Uztailaren 9tik aurrera gutako bakoitzak galdera honi erantzun beharko diogu: beno, eta hemendik aurrera zer?
Marea Urdinak gizarte inklusiboago bat irudikatu nahi du. Gure kasuan, Azkoitia inklusiboago bat. Gizartea osatzen dugunon aniztasun funtzionalari erantzungo dion herri bat nahi dugu eraiki, eta herria herritarrok osatzen dugu.
San Joan bezperako sua piztera gonbidatu gaituzte eta pozik eta oso eskertuak gaude. Ekimena baliatu nahi dugu irudi bat eraikitzeko elkarrekin. Herri ekimena izanik herritarroi luzatu digute gonbitea, guztioi beraz. Etorri eta piztu dezagun denok batera su handi hori. Hurbildu gaitezen eta irudikatu dezagun su txiki guzti horien indar metaketak herrian eragin dezakeen guztia. «bakarrik joanda bizkor zoaz baina, urrun iristeko lagunak behar».
Gizartean ondo errotu da mezua, orain igerilarien txanda etorriko da. Marea Urdina bere azken txanpan sartu da. Uztailaren 7-8ko asteburua etorri zaigu gainera akordatzerako. Azken kontuak itxi eta tzanga!, Saturraranen hasi eta Orion bukatuko da lehen jarduna.
Ondoren Oriotik Hondarribira bigarrengoa. Hirugarren jardunaldia, uztailaren 9tik aurrera hasiko da eta hor norbanako bakoitza izango gara protagonista. Piztu dugun sua hauspotzen jarraituko dugu eta seguru gaude su ondoko epelean elkar ikusiko dugula berriro.
No hay comentarios:
Publicar un comentario